BALIOA SORTZEN DUGU
Berrikuntzaren bitartez euskal tradizio zahar bat berreskuratzen dugu


Designed by J. Sergio del Campo Olaso
PROIEKTUA
Cantantibus Organis proiektuaren helburua da kutxa formako organo positiboak diseinatzea eta egitea, aukera zabala eskaintzen duten organoak alegia.
DISEINUA
Diseinu modularrean oinarrituz, bi ezaugarri uztartzen ditu: estandarizazioaren abantailak eta musika-tresnaren pertsonalizazioa.
ERAIKUNTZA
Musika-tresnak egiterakoan irizpide historizistei jarraitzen diegu; hala ere, ez diegu uko egiten teknikaren aurrerapenei eta gaur egun antzinako musika jotzen duten taldeek behar duten moldakortasunari.

Diseinu on bat musika tresna baten esentziaren adierazpen hoberena da;
honen sorkuntzak estetika ez ezik, alderdi funtzionalak ere aintzat hartzen ditu

DENA ESKURA
Diseinuak den-dena izaten du kontuan, tresnen kalitatea oso handia izan dadin. Gainera, tresnak erraz garraiatzeko modukoak dira eta hoditeria esku-eskura daukate, afinazioa eta mantentze-lanak errazte aldera.

TEKLATU EREISGARRIA
Teklatua ereisgarria da eta mugitu egin daiteke luzetara, tonua aldatzeko. Organoa alde batetik bestera eramateko, itxitakoan, teklatua bere estalkiaren barruan geratzen da.

ERREGISTRO DESBERDINAK
Formatu berdinean erregistro desberdinak dauzka. 3 erregistrotik 5 erregistrora arteko gama dago aukeran. Helburua da etengabeko baxuari laguntzea, etekinik handiena atereaz.
Soinua eta diseinua artearen zerbitzura
CANTANTIBUS ORGANIS


FILOSOFIA
Guk egiten ditugun zaharberritze-lanetan irizpide historikoetan oinarritzen gara eta errespetu osoz burutzen ditugu.
IKERKUNTZA
Ikerkuntza da gure lantegiaren ezaugarria. Musika-tresnaren garapena eta egilearen nondik norakoak aztertzen ditugu, gure proposamenak oinarri sendoak izan ditzan.
ESKARMENTUA
25 urtetik gorako eskarmentua dugu organoak zaharberritzen. Estilo eta garai desberdineko tresnak berriztatu ditugu, zaharrenak XVII. mendekoak izan dira eta berrienak XX. mendearen erdikoak.

KONTSERBAZIOA
Organo baten funtzionamendua eta kontserbazioa bermatzeko aldizka afinatu behar da eta mantentze-lanak egin behar zaizkio.
JAKINTZA ZABALA
Era guztietako transmisioak lantzen ditugu eta hodiak afinatzeko metodo guztiak baliatzen ditugu.
LAN EGITERO ERA
Behar den denbora guztia eskaintzen diogu organo bakoitzaren premia espezifikoak aztertzeari eta bakoitzak behar duen zerbitzua eskaintzeari.
TXOSTENAK
Esperientzia handia dugu organo historikoei buruzko txostenak egiten, bai erakundeetarako bai partikularrentzat.
KULTURA-ONDASUNA
Zure musika-tresnak Interes Kulturaleko Ondasun (IKO) gisa izendatuta izateko dituen aukerak aztertzen ditugu.
ARGITALPENAK
Gure ikerketak ospe handiko liburuetan eta aldizkarietan argitaratu dira.
AFINAZIOAK ETA MANTENTZEA
ORGANO HISTORIKOEN AZTERLANA
Zure instrumentuaren egoera eta balioa ezagutu ezazu

NOR GARA
J. SERGIO DEL CAMPO OLASO

Maisutza industriala Delineazio adarretik ikasi eta gero, J. Sergio del Campo Olaso 1992an hasi zen ikasten organoak konpontzeko eta egiteko lanbidea, Federico Acitores-en eskutik. 2000. urteko urtarrilean bera aukeratu zuten Calahorrako eta La Calzada-Logroñoko elizbarrutiko Organogintza Diozesi Tailerra martxan jartzeko. Errioxan bera izan zen arduraduna zenbait herritako (Arnedillo, Ezcaray, Lumbreras eta Haro) organoen berriztatze-lanetan. 2004an Ingalaterrara joan zen Martin Goetze-rekin eta Dominic Gwynn-ekin lanera. Aditu haiekin hainbat organo zaharberritu zituen: Santiago de Compostelako Santa Klarako monasteriokoa, Pistoia-ko San Frantzisko komentukoa (Italia), Ponsonby-ko Baptist Church-ekoa (Zelanda Berria), Aldgate-ko St. Botolph elizakoa (Londres) eta Hendrik Anthonie Meyer-ek 1775ean egindako organo positibo holandarra.
2006ko irailetik aurrera, Ingalaterratik itzuli ondoren, bere lantegian dihardu lanean Alejandro Turanzas bazkidearekin. Organo ugari zaharberritu dituzte. Aipagarrienak ondorengo herrietako elizetakoak izango lirateke: Andoaingo San Martinekoa, Abadiñoko San Trokazekoa, Durangoko Andra Marikoa, Iruñeko Jasokundekoa, Amorebieta-Etxanoko Andra Marikoa, Bidaniako San Bartolomekoa, Burgoseko San Lesmesekoa eta Deustuko Unibertsitateko Kapera Gotikokoa. Halaber, 2009an, Denis Lacorre Frantziako organeroarekin elkarlanean, Tolosako Andre Maria elizako Stoltz-Frères organo ederra berriztatu zuen, Espainiako organo erromantiko garrantzitsuenetakoa.
Gaur Cantantibus Organis proiektua garatzen ari da buru-belarri. Egitasmo horren xedea da diseinu modularrean oinarrituta organo positiboak egitea. Kontzeptu horri esker, estandarizazioaren abantailak eta tresna pertsonalizatzearenak bateratzea lortuko du; beti ere, bezeroaren premiei eta eskariei erantzunez.
LAGUNTZAILEAK

Itziar Larrinaga
Aholkularitza eta proiektuak
Itziar Larrinaga Cuadra Oviedoko Unibertsitateko doktorea da, Musikaren Historian eta Zientzietan (2009an UPV/EHU-Donostiako Orfeoia Saria irabazi zuen eta 2010ean Doktoretza Sari Berezia). Musikeneko (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) irakaslea ez ezik ikerkuntza- eta berrikuntza-koordinatzailea ere bada. UPV-EHUko “Ikerkuntza arte garaikidean” deritzon doktoretza-programako irakaslea da. Eusko Ikaskuntzako Musika Saileko presidentea eta Musiker aldizkariaren zuzendaria izan da. Argitalpen horren bidez, organo-ondarea eta organistaren lanbidea Euskadin zein Nafarroan ezagutzera emateko, zaintzeko eta sustatzeko, txostenak, ikerketak eta ekintzak sustatu eta burutu ditu. Euskadiko erakunde batzuekin batera, besteak beste Eresbilekin (Musikaren Euskal Artxiboa), euskal musika-ondarea ikertu eta ezagutzera ematen dio gizarteari. Era berean, J. Sergio del Campo organeroarekin elkarlanean aritzen da, aholkularitza eta logistika eskainiz eta ikerkuntza- nahiz transferentzia-proiektuetan lagunduz.

Verners Kalacis
Organoegilea
Verners Kalacis 1996an hasi zen organogintzan, Janis Kalnins organeroa irakasle zuela. Harekin teklatuak, organo-kutxak eta zurezko tutu asko egin zituen. Garai hartan, beste lan batzuen artean, honako hauek egin zituen: Ugale-ko (Letonia) Eliza Ebanjeliko Luteranoaren organoa berriztu eta estilo neobarrokoko positibo batzuk eraiki. 2001ean Ingalaterrara joan zen Martin Goetzerekin eta Dominic Gwynnekin lan egitera. Bi hauekin batera zenbait organo historiko zaharberritu zituen, besteak beste, St. James of Berdmonsey-ko (Londres) elizakoa eta Santiago de Compostelako Santa Klara monasteriokoa. Testuinguru hartan, Early English Organ Project-eko bi positibo errenazentisten eraikuntzan ere esku hartu zuen. 2005ean Letoniara itzuli eta bere lantegia abian jarri zuen. Lantegi horretan organo-egile askorentzako lanak egiten ditu. Aipagarrienak: Janis Kalnins, Goetze & Gwynn, Gerhard Grenzing eta J. Sergio del Campo Olaso. Kalacisek menperatu egiten du ebanisteriaren artea, eta gaur egun diseinu moderno eta berritzaileko altzariak diseinatu eta egiten ditu.

Santiago Muñoz
Organoegilea
Santiago Muñoz Barbosa Diseinuan eta Berrikuntzan Diplomatua da Londreseko Open University-n. Sevillako Kontserbatorioan ikasi zuen organoa jotzen. Hantxe izan zuen lehenengo harremana organogintzarekin, José Romero García de la Vegaren eskutik, bera baitzen ikastetxe hartako tresnaren mantentze-lanez arduratzen zena. 1997tik hona Londreseko Mander Organs enpresako organeroa da. Enpresa horretan hainbat lan burutu ditu: organoak zaharberritu eta egin, organo historikoak (gehienak trakzio mekanikodunak) egokitu eta prestatu. Beste askoren artean, Londreseko Royal Albert Hall-eko organoa bezalako tresnak berritzen parte hartu du; eta sekretoak, tutuak, hauspoak, osagai pneumatikoak eta abar berritu eta sortu ditu, Castle Ashby egoitza pribatuko organorako adibidez. Espainian, beste lan batzuen artean, Jerez de la Fronterako Katedraleko organoaren hoditeria berriztatu du. Aipatutakoaz gain, J. Sergio del Campo Olasorekin batera organo historikoak zaharberritu eta atontzen ditu.

Federico de Madrazo
Luthierra
Federico de Madrazo bilbotarra 7 urte zituela hasi zen biolina jotzen. Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Musika Kontserbatorioan eta Musikenen egin zituen ikasketak. Bizkaiko Foru Aldundiak beka bat eman zion musika-ikasketak burutzeko. Honako orkestra hauekin kolaboratu du: Euskadiko Orkestrarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoa-rekin, Salamancako Unibertsitateko Orkestra Barrokoarekin eta abar. Jaialdi ugaritan jo du: Bilboko Musika-Música-n, Donostiako Musika Hamabostaldian eta Gasteizko Bernaola Jaialdian besteak beste. 2011tik 2015era Bilboko Lutheria Eskolan ikasi du, Javier Guraya, Luis Artola eta Ander Arroitajauregi irakasleekin. Beste irakasle batzurekin ere egin ditu ikastaroak: Frédéric Becker, Samuel Sigmuntowitz eta Andrea Ortona irakasleekin hain zuzen ere. 2015ean, Sarasate Live! nazioarteko biolin-jaialdian, Espainiako Luthier eta Arkugile Profesionalen elkarteak (AELAP) antolatutako Luthierren Biltzar Nazionalean parte hartu zuen, bere tresnak aurkeztuz. Urte hartan ireki zuen bere tailerra Gasteizen. 2018ko irailetik gaur egun arte J. Sergio del Camporekin kolaboratzen du hainbat arlotan.

KONTAKTUA


Galdera orokorretarako, mesedez bete ondorengo formularioa